XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-merkaturatzeko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten salgaiak direnean.

Nolanahi ere, azken kasu honetan, Merkataritza Jarduerari buruzko Legeak salmentarako eskaintzen den produktuaren arautegi teknikoak edo hura etiketatzeko arauek adierazitakora igortzen dute.

Hemen saltzaileen eta udal agintariaren eskuhartzearen arteko ezadostasuna ageri da, zeren gaiak atzemate hori behar adinako arrazoirik gabe edo, gutxienez, neurria oinarritzen duen arrazoi zehatza zein den adierazi gabe egiten dela salatzen baitute.

Horrela, batzutan salgaia bereganatzen dute eta beste batzutan ez, nahiz eta gai bereko salmenta izan.

Nolanahi ere, gehien egiten den kexak dioenez, gehienetan, saltzaileak udal horretan salmenta ibiltarian aritzeko baimenik ez duela ikusi ondoren ekiten zaio salgaiak kentzeari.

Honek esan nahi du gaiak kautelaz hartze hori Merkataritza Jarduerari buruzko Legeak eta ordenantzek adierazitako arrazoi eta prozeduratik kanpo ematen dela.

Gure iritziz, indarreango legeriaren arabera ez dirudi oso egokia denik agintearen irizpidearen esku uztea edo udaltzainen gain jartzea, gizabidezko arrazoiak kontuan izanik, salgai horiek salmenta ibiltaria burutzen duen pertsonaren biziraupenerako beharrezkoak diren ala ez erabaki beharra.

Gainera, ez da batere pozgarria gertatzen salgaiak hartu eta gordetzeko eta salmenta ibiltarian udal baimenik gabe jardutea zigortzeko espedienteari ekiteko erabakiak ere ez ezertarako ohartaraztea salgaiak kautelaz hartzeko arrazoiak, eta salatuak salmenta ibiltaria burutzeko behar zen baimenik ez erakutsi izana besterik ez aipatzea.

Dekomisoa noiz eta nola egin behar den zehazten duten udal ordenantzak izanik, eragindakoek salatzen duten irizpide hutsune hori saihestu beharreko zerbait dela iruditzen zaigu.

Salgaiak kautelaz atzemateko erabakia udaltzainen esku geratzen bada, jarduera mota honen ardura duten udaltzainek prestakuntza berezi bat beharko lukete honi buruz, kontsumitzailearen eskubideak noiz kaltetzen diren erabaki eta dekomisoa berme guztiekin egin dezaten, eta horrek, besteak beste, neurri hori zergatik hartu zen adieraztea eskatzen du.

Zentzuzkoa denez, jarduera horiek agiriren batean jaso beharko lirateke, salaketarekin egin ohi den bezalaxe, eta, beraz, zehazki identifikatu beharko litzateke kautelaz hartutako salgaia, kopurua, marka izanez gero, eguna, ordua, lekua, neurriaren zergatia, erabakia hartu duen udaltzain edo ikuskatzailea, salgaia kendu zaion saltzailea, gaiak non gorde diren eta agerliarraren nahiz dekomisoaren arduradunaren sinadura.

Halaber, eragindako pertsonari akta honen kopia bat eman beharko litzaioke, salaketarekin egiten den bezalaxe.

Udal erakundeek dekomiso akten eredu normalizatuak dituzte.

Baina, horiek ez direla beti betetzen kritikatzen dute saltzaileek. eta horrek izugarri zailtzen du salgaiak itzultzea, behar bezalako baimenik gabe salmenta ibiltarian aritzeagatik osatutako zehapen espedientearen ondoriozko ebazpenean ez denean, zehapen erantsi gisa. hasiera baten kautelaz hartutako salgaien dekomisoa erabakitzen.

Dekomisoa, zehapen gisa, lehen adierazi dugunez, salgaiak faltsifikatuak, iruzurrezkoak edo identifikatu gabeak direnean edo haiek merkaturatzeko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenean bakarrik erabaki daiteke espedientearen ebazpenean.

Guztientzat eredu bihurtzeko inolako asmorik gabe, egoki deritzogu Gasteizen Eguberrietako kanpainan burutu den lankidetza esperientzia aipatzea.